ABUZTUAREN 4tik ABUZTUAREN 19ra
Barnetegi honetan bizikletaren pedalei ekinez Euskal Herriko leku polit ugari bisitatuko dugu: Bizkaiko Gorbeia aldea, Arabako lautada, Urbasa, Handia, Ultzamako herri ederrak, Erronkari harana, Otsagi, Irati, Aralar… Abuztuaren 4an Urduñatik abiatuko gara eta 16 egun geroago, mendatez mendate 1.000 kilometro inguru egin ondoren, Zarauzko hondartzara iritsiko gara.
Jardueraren helburuak:
• 16 egunez euskaraz bizitzea.
• Euskal Herria hobeto ezagutzea (herriak, leku bitxiak, ohiturak, hiztunak, euskalkiak…).
• Bizikletaz ibiltzea gustuko dugunok opor ederrak pasatzea.
Prezioa:
• 473 euro (Laguntza-furgoneta (guztion trasteak eramateko), lo egiteko lekuak, jatorduak eta ibilbideari buruzko liburuxka eta mapak barne).
Etapak:
1. Abuztuak 4: Urduña-Murgia-Zarate-Ubidea-Otxandio (52 km.)
2. Abuztuak 5: Otxandio-Legutio-Landa-Agurain-Opakua (67 km.)
3. Abuztuak 6: Opakua-Urbasa-Lizarraga mendatea-Lakuntza-Etxarri (64 km.)
4. Abuztuak 7: Etxarri-Uharte Arakil-Irurtzun-Latasa-Larraintzar (55 km.)
5. Abuztuak 8: Larraintzar-Egozkue-Zubiri-Erro-Nagore-Lakabe (59 km.)
*6. Abuztuak 9: Lakabe-Nagore-Auritz-Garralda-Orontz Betelu-Lakabe (55 km.)
7. Abuztuak 10: Lakabe-Agoitz-Urrotz-Ardanaz-Tabarre-Irunberri (50 km.)
8. Abuztuak 11: Irunberri-Nabaskoze-Burgi-Bidangoze-Erronkari-Izaba (58 km.)
9. Abuztuak 12: Izaba-Uztarrotz-Laza-Otsagi-Abaurregaina-Garralda (63 km.)
*10. Abuztuak 13: Garralda-Orbaizeta-Harpea-Garralda (52 km.)
11. Abuztuak 14: Garralda-Orreaga-Donibane Garazi-Baigorri-Urepele (66 km.)
12. Abuztuak 15: Urepele-Esnazu-Artesiaga-Irurita-Doneztebe-Arantza (66 km.)
13. Abuztuak 16: Arantza-Auritz-Saldias- Basaburua-Arrarats (52 km.)
14. Abuztuak 17: Arrarats/Basaburua -Baraibar-Aralar-Lekunberri(67 km.)
15. Abuztuak 18: Lekunberri-Leitza-Andoain-Asteasu-Aia-Zarautz (77 km.)
16. Abuztuak 19: Agurra
*Atseden eguna hartzeko aukera.
Antolaketa:
Batez beste, 65 bat kilometro egingo ditugu, gehienak goizean, bidean behar beste geldiune eginda interesgarri deritzegun lekuak ikusi ahal izateko. Lasai asko ibiliko gara, partaideon erritmoari jarraituz. Gainera, etapa askotan bide errazago eta laburragoak hartzeko aukera egongo da (eta, behar izatekotan, furgoneta izango dugu lagungarri). Horrez gain, nahi izanez gero, pare bat egunetan atseden hartzea egongo da (asteriskodun egunetan: ikus “etapak”).
Esan bezala, erosoago ibiltzeko pisu guztia furgonetan eramango dugu (motxilak, dendak, mahaiak eta aulkiak…). Irakasle-antolatzaile bat bidean gidari izango dugu, eta beste bi furgoneta gidatu eta otorduak antolatzeaz arduratuko dira, txandaka; beraz, bizikletan, normalean, irakasle-antolatzaile bi joango dira.
Etapa bakoitzaren ibilbidea eta ikusiko ditugun lekuei buruzko liburuxka banatuko dugu.
Eskolarik ez da egongo, baina gure euskara hobetzeko hainbat ekintza egin ahal izango ditugu:
- Tokian tokiko hiztunekin harremanetan jarri.
- Jarduera kulturalen batean parte hartu: diaporamaren bat ikusi, erakustaldiak, bertso-afaria…
- Eta, jakina, irakasleak laguntzeko eta zalantzak argitzeko egongo dira.
Informazio honekin zuen jakin-nahia ase izana espero dugu. Baina gehiago jakin edota izena eman nahi baduzue, telefono honetara deitu edo ondoko helbide elektronikora idatzi:
Telefonoa: 630 148 159
K. elektronikoa: ibiltaria@aek.org
