Dagoeneko
antolatu dira udako ikastaro eta barnetegiak
AEK-k dagoeneko zabalik du
matrikula epea udan euskara ikasi nahi duen ororentzat, aukera
ezberdinak eskaintzen dituelarik euskaltegi eta barnetegietan.
Ikastaroak uztailean, abuztuan edota irailean izango dira herri
euskaldunetan kokatutako barnetegietan eta AEKren euskaltegietan.
AEK-k zabalik izango ditu
Euskal Herri osoan 100
bat euskaltegi,
herritik oso urruti alde egiterik ez eta egunean bost orduko ikastaro
trinkoa egin nahi duten ikasleentzat. Ikasturtean zehar ikasitakoa
finkatzeko, euskararen hastapenak ezagutzeko edo 3. maila zein
EGArako azterketa prestatzeko parada izango dute edozein mailatan
matrikulatutako ikasleek, etxetik oso hurbil. Baina uda opor garaia
dela aprobetxatuz atseden egun horiek euskara ikasteko erabili nahi
dituztenek ere ez dute aukerarik faltako.
Bi asteko barnetegiak
Barnetegira doan ikasleak 90
eskola ordu izango ditu barnetegian bertan, baina hortik kanpo ere,
euskaraz bizi ahal izatea bermatzen du barnetegiak herri
euskaldunetan kokatuta egoteak. Azken batean, barnetegian denetarako
astia dago: ikasteko, txangoak egiteko, ekintzak antolatzeko, lagun
berriak egiteko eta ondo pasatzeko, finean, oporretan euskaraz
bizitzeko. Aurten barnetegi hauek Arantzan eta Foruan antolatuko dira
uztailaren 7tik 20ra, uztailaren 21etik abuztuaren 3ra, abuztuaren
4tik 17ra, abuztuaren 18tik 31ra, eta irailaren 1etik 14ra bitartean.
Barnetegi hauetan izena emateko derrigorrezkoa da 1A maila (lehenengo
hiru urratsak) gaindituta izatea.
Familientzako barnetegiak
Barnetegi mota honen helburua
gurasoen eta seme-alaben arteko harremana euskaraz gauzatu dadin
laguntzea da, ohituraren poderioz askotan zaila suertatzen delako
horrela komunikatzea. Gurasoak euskara eskolak jasotzen dituzten
bitartean, umeak begirale eta hezitzaileen zaintzapean egoten dira,
eta guztien “eginbeharrak” bukatutakoan elkartzen da familia,
eguneko gorabeherak elkarri kontatu eta euskaraz aritzeko ohitura
sendotzeko. Familia barnetegietan gurasoek 1B mailaren hasiera izan
behar dute eginda eta eurekin joango diren 4 eta 12 urte bitarteko
umeek D ereduan egon behar dute matrikulatuta. Adunan, Foruan eta
Berrizen antolatu dira familientzako barnetegiak, uztailaren 7tik
20ra eta abuztuaren 4tik 17ra bitartean.
Barnetegi ibiltariak
Mintzapraktika, kirola eta
Euskal Herriko txokoen eta euskalkien ezagutza uztartzeko aukera
eskaintzen du barnetegi ibiltariak. Kasu honetan ez dago eskola
ordurik, baina izena ematen dutenek bermatuta dute euskara hutsean
komunikatuko direla egun osoan elkarren artean. Bi izango dira aurten
mota honetako barnetegiak: uztailaren 21etik 26ra oinez egingo dena;
abuztuaren 2tik 17ra bitartean bizikletaz egingo dena.
Iparraldean ikastaro
bereziak
Hainbat barnetegi antolatu ditu
AEK-k Iparraldean: Urepelen hamabi eguneko bi barnetegi burutuko
dira, uztailaren 7tik 18ra lehenengoa eta abuztuaren 4tik 15era
bigarrena, eta maila guztietako ikasleek eman ahal izango dute izena,
baita hutsetik hasi nahi dutenek ere. Ez da beharrezkoa, beraz,
Hegoaldeko barnetegietan gertatzen den gisan, gutxieneko ezagutzarik
izatea. Bestalde, bost eguneko xiberera ikastaroa egingo da Zuberoan
abuztuaren 4tik 9ra bitartean. Bertako euskalkiaren ezaugarriak
ikasteaz gain, herrialde honetako kultura, historia eta ohituren
zertzelada batzuk ere ezagutu ahal izango dituzten ikasleek.
Iparraldeko ohiko eskaintzaz gain aurten beste bi ikastaro berri
antolatu ditu AEK-k: ur-kirolak ikasteko ikastaroa, eta dantza
ikastaroa, abuztuaren 11tik 15era.
Barnetegi bat baino gehiago
eginez gero, beherapenak egongo dira, baita langabeentzat ere
Iparraldean. Halaber, ikastaro batzuek diru-laguntzak jasotzen
dituzte. Informazio gehiago, hurbileneko euskaltegian edo 902 36 22
94 telefonora deituta.
Barnetegien
leku, data eta matrikula prezio zehatzak
1A
mailatik aurrera.
Arantzan edo Foruan
Uztailaren
7tik 20ra (ekainak 26)*
Uztailaren
21etik abuztuaren 3ra (uztailak 10)*
Abuztuaren
4tik 17ra (uztailak 24)*
Abuztuaren
18tik 31ra (abuztuak 7)*
Irailaren
1etik 14ra (abuztuak 27)*
2 aste,
90 ordu. 447 €
Maila
guztiak.
Urepelen
Uztailaren
7tik 18ra (ekainak 19)*
Abuztuaren
4tik 15era (uztailak 18)*
12
egun. 570 € (langabeek 420 €)
AEK-kideek,
530 € (langabeek 380 €)
Familia
barnetegiak.
Adunan, Foruan edo Berrizen
Uztailaren
7tik 20ra (ekainak 26)*
Abuztuaren
4tik 17ra (uztailak 24)*
2 aste,
90 ordu. Helduek: 471 €. Haurrek: 280 €
Barnetegi
ibiltaria bizikletaz.
Euskal Herrian zehar
Abuztuaren
2tik 17ra (uztailak 11)*
16 egun.
405 €
Barnetegi
ibiltaria oinez.
GR 10 Euskal Herrian
Uztailaren
21etik 26ra (uztailak 1)*
6
egun. 440 €
AEK-kideek,
400 €
Xiberera
ikastaroa.
Zuberoan
Abuztuaren
4tik 9ra (uztailak 18)*
6
egun. 305 € (langabeek 230 €)
AEK-kideek,
265 € (langabeek 190 €)
Dantza
eta Ur kirolak ikastaroak.
Miarritzen
Abuztuaren
11tik 15era (abuztuak 1)*
5
egun. 410 € (langabeek 285 €)
AEK-kideek,
370 € (langabeek 245 €)
*Matrikulatzeko
azken eguna
Informazio gehiago eskuratzeko zein izena emateko, deitu 902 36 22 94 telefonora edo idatzi barnetegiak[abildua]aek.org helbidera.