|
AEK-k 2010-2011 ikasturterako prestatu duen matrikulazio kanpaina aurkeztu du. Ekitaldian egon dira AEKren Artezkaritza Kontseiluko kideak: Asier Amondo, Helios del Santo, Oskar Elizburu, Fernan Landaburu eta Mertxe Mugika, AEKren koordinatzaile nagusia.

Oskar Elizburuk azaldu du kanpainaren mezua.
“Euskara?. Hori da 2010-2011 ikasturteko kanpainaren bidez AEK-k euskal herritarrei luzatzen dien galdera edota proposamena. Eta erantzuna dator atzetik, Euskal Herri euskaldunean bizi gura dugunok gehien espero duguna: Bai, nahi dut!. Euskara nahi dut, euskaraz bizi nahi dut, euskara erabili eta transmititu nahi dut... Baina horretarako batzuek “euskara ikasi nahi dut” esan beharra dute lehenago, ikasi eta jakitearen ondorioa delako beste guztia.
Bai, nahi dut!. Oso testuinguru zehatz batekin lotzen dugu esaldi hori askotan, eta testuinguru horrek konpromisoa dakargu gogora, askatasunez hartutako konpromisoa, benetan nahi izatearen ondorioa. Izan ere, hor dago gakoa, eta oinarria: nahi izatea da kontua. Euskara nahi izate hori norberaren esku dago, norberaren gogo eta beharren baitan, baina gainontzeko guztia AEK-k jartzen du: euskaltegiak Euskal Herri osoan, urte osoan zehar zabaldutako barnetegia Foruan, irakasle talde prestu, prestatu eta eskarmentuduna, egunean bi orduko euskalduntze ikastaroak, ikastaro trinkoak, titulu homologatuak lortzeko aukera maila guztietan, 3. maila/EGA eta 4.a barne, auto-ikaskuntza, on-line ikastaroak www.egela.aek.org gunean, mintzamena lantzeko praktika jarduerak, lan mundua euskalduntzeko egitasmoak, itzulpen zerbitzua, irakur zaletasuna sustatzeko AIZU! aldizkaria... Hori guztia, euskara nahi duela argi duen ororen esku. Hemen ere, ezkontzetan bezala, konpromisoa alde bitarikoa baita.
|