|
No hay traducciones disponibles.
Espainiako Auzitegi Nazionalak absolbitu egin ditu Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga Egunkaria-ren itxiera kasuko bost auzipetuak, euren kontrako frogarik ez dagoela ebatzita. Absolbitu egin du, beraz, Euskaldunon Egunkaria. (BERRIA).

Zazpi urte eta, besteak beste, hiru Korrika igaro dira 2003ko otsailaren 20 ilun hartatik. Zazpi urte Korrika 13ren atarian, edizio horretako Korrika Kulturalaren Metxa antzezlana Egunkariaren azken alea eskuan aurkeztu behar izan genuenetik. Korrika bera Egunkaria aurrera lemapean egin behar izan genuenetik. Euskaldunon Egunkaria gabe utzi gintuzten, euskara hutsezko egunkari gabe utzi gintuzten. Eta euskalgintzan ibilbide oparoa duten bost euskal herritar kartzelaratu, torturatu eta epaitu zituzten gero: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, eta Xabier Oleaga; azken hau, AEKren sortzaileetako bat.
Espainiako Auzitegi Nazionalak absolbitu egin ditu auzipetuak eta absolbitu egin du, beraz, Euskaldunon Egunkaria. Bihoakie AEKren zorion agurra, elkartasuna eta besarkadarik handiena lehenik eta behin bost auzipetuei, eta ondoren Egunkarian lanean aritu ziren guztiei, baita hurrengo egunetan Egunero kaleratu zuten guztiei ere. AEKren errekonozimendu osoa den-denei. Azkenean, epaiak absolbitu egin ditu auzipetuak eta Egunkaria bera.
Zazpi urte geroago, Egunkariaren itxieraren eta epaiketaren beraren zentzugabekeria agerian geratu da. Hori bai, burubako eraso horren eraginez, Egunkaria desagerrarazi egin zuten; hortaz, auzipetuek dagoeneko pairatu duten zazpi urteko "kondena" ere gaitzetsi egin nahi dugu.

|